- 2024, Abe 03
HANDIA-PLAN proiektua: Hiri osasungarriagoak lortzeko berrikuntza
Airearen kutsadura da giza osasunerako ingurumen- mehatxu handienetako bat. Nahiz eta aurrerapenak egin diren neurketan, eta hobekuntza izanden eta kontzientziazio handiagoa dagoen poluzio atmosferikoari dagokionez, Europako Ingurumen Agentziak (EIA) ohartarazi du poluzio atmosferikoak ehunka mila heriotza goiztiar eragiten dituela urtero Europan. Partikula finen eraginpean jartzeak soilik 238.000 heriotza goiztiar eragin zituen 2020an, zirkulazio-istripuen ondoriozko heriotzak baino 12 aldiz gehiago (18.800 2020an).
Egoeraren larritasunaz ohartzeko, aski da esatea 2021ean hiriguneetan bizi ziren pertsonen % 97k nozitzen zituztela PM2,5 edo partikula finen kontzentrazioak, Osasunaren Mundu Erakundearen azken jarraibideetan gomendatutakoak baino handiagoak. Airearen kalitate txarraren ondotik, Europako bigarren ingurumen-arazo nagusia kutsadura akustikoa da. EIAren arabera, ingurumen-zarataren eraginpean denbora luzez egoteak urtean 12.000 heriotza goiztiar eragiten ditu Europan, eta zuzeneko eragina du 48.000 kardiopatia iskemikotan. Horrez gain, 22 milioi pertsonak ondoez kronikoak dituzte, eta 6,5 milioik loaren nahasmendu larri eta kronikoak.
Arazoaz jabetuta, Europako Batzordeak EBko Ekintza Plana bultzatu zuen 2021ean: “Airearen, uraren eta lurzoruaren zero kutsadurarantz”, Europako Itun Berdearen ardatz garrantzitsuenetako bat. Zero kutsadurako sei helburu ditu, eta haiekin lortu nahi da airearen kutsadurak eragindako heriotza goiztiarrak % 55 baino gehiago murriztea 2030erako. Joan den urriaren 14an, Europar Batasuneko Kontseiluak Europar Batasun osoko airearen kalitateari buruzko 2030erako arau eguneratuak ezartzen dituen zuzentaraua onetsi zuen.
OMEren jarraibideen ildoan. Zuzentarauaren transposizioa 2026ko abenduaren 11 baino lehen egin behar da, eta 2030a jarri da betetzeko epetzat. Testuinguru honetan, HANDIA-PLAN proiektuak eredu berritzaile bat garatzea du helburu, udalerrietako hiri-mugikortasuna eta kutsadura atmosferiko eta akustikoa modu integralean ebaluatzeko. Eredu horrek mugikortasuna arautzeko eta hiri-plangintzako beste jarduera batzuetarako alternatiben ebaluazioa erraztuko du, eta aukera emango du udalerriek erabakiak hobeto hartzeko, informazio kritikoa emango baitie beren jardueren errendimendu eraginkorra lortzeko eta lehenesteko, xedetzat harturik airearen kalitatea eta zarata hobetzea, hiri osasungarriagoak sustatzea eta Europako helburu berriak betetzea.
Proiektuak barne hartzen du trafikoaren, airearen eta zarataren monitorizazio integratuko sistemak hedatzea, IoT-garapen berriak ezartzea airearen eta zarataren kalitatea neurtzeko, eredu aurreratuak sortzea hiriko mugikortasuna eta zarata ebaluatzeko, eta adimen artifiziala erabiltzea tresna prediktibo bat garatzeko, trafikoaren, airearen eta zarataren aldagaiak integratzen dituena, datuak interpretatu eta erabaki informatuak hartzeko.
HANDIA-PLANek garraioaren eta airearen kalitatearen eredu aurreratua sortuko du, udalerrien ezaugarri espezifikoetara egokitua, tresna prediktiboekin batera mugikortasuneko eta hiri-plangintzako estrategiek osasun publikoan duten eragina ebaluatzeko.
Barakaldoko Udalarekin elkarlanean
Gaur egun, proiektua kasu pilotu bat garatzen ari da Barakaldoko Udalarekin elkarlanean. Udalak eta Sercontrolek datuak neurtzeko estazioa jarri du Anaien parkean, eta beste hainbat aparatu txandaka beste hamar lekutan. Lankidetza horri esker, informazio baliotsua eta datu zehatzak lortuko dira, Udalak etorkizunean mugikortasunari eta ingurumen-osasunari buruzko erabakiak har ditzan.
HANDIA-PLAN proiektuaren bultzatzailea enpresa espezializatuen partzuergo diziplina anitzeko bat da, AAC Akustika Aplikatuko Zentroak, Leber Plangintza eta Ingeniaritzak eta Sercontrol Ambiental taldeak osatua, Aclima Basque Environment Cluster-en laguntzarekin eta enpresa txiki eta ertainen I+Grako Hazitek 2024 programaren babesarekin.
![]()
HANDIA-PLANek garraioaren eta airearen kalitatearen eredu aurreratua sortuko du, udalerrien ezaugarri espezifikoetara egokitua, tresna prediktiboekin batera mugikortasuneko eta hiri-plangintzako estrategiek osasun publikoan duten eragina ebaluatzeko.